lunes, 21 de noviembre de 2011

Praktiketako eskolan


Egindako marrazkian ikusten duzuen bezala, praktiketako ikastetxean dauden 4 txokoak marraztu ditut.
Praktikak Andoaingo La Salle Ikastetxean egiten ari naiz, 4 urtekoen gelan. Gainera, praktikaldiko azkeneko egunetan gaude eta egia esan oso azkar pasatzen ari zaizkit egunak. Koro da 4 urtekoen andereñoa eta aitortu beharra daukat gauza berri asko ikasten ari naizela berarengandik, berak esperientzia handia baitauka Haur Hezkuntzan. Eskolan gustura sentitzen naiz, bai haurrekin baita irakasleekin ere. Haurrek andereño deitzen didate eta horrek asko pozten nau; izan ere, beste andereño bat bezala kontsideratu nautelako lehenengo egunetik. Lanak egiten ari direnean laguntza eskatzen didate eta komunera joateko ere baimena eskatzen didate. Eskolaz kanpo beraien gurasoei andereño berria dutela esaten diete eta kalean ikusten nautenean deika asten zaizkit “agur” esanez.
Marrazkian gelako txoko guztiak marraztu ditut; izan ere, txoko guztietan egon naiz. Batetik, bertan nola lan egiten duten ikusiz; bestetik, haurrei laguntza eskainiz. Txoko hauetan haur batetik bestera dauden diferentziak eta aldeak ikusi eta aztertzeko aukera izan ditut. Batzuk hizkuntzarekin trebeagoak dira, beste batzuk zenbakiekin, letrekin, hiztegiarekin, eskulanekin… Gainera, badaude haur batzuk atentzioa erakartzen dutenak eta asko kostatzen zaienak eginbeharrekoan kontzentratzea. Beraz, argi geratu zaidana da haur bakoitza mundu bat dela eta beraien beharretara egokitu behar garela.
Txoko guztietan ibili eta gero, margotegi txokoan atentzioa deitu didana izan da 4 urterekin oraindik batzuk ez dakitela beraien izena kopiatzen. Kasu hauetan ikusi dut andereño Korok berak idazten dizkiela haur horiei izenak. Nik , berriz, izena idazten ez dakiten haur horiei denbora gehiago eskainiko nien izena nola idazten den erakutsiz. Beste batzuek, berriz, izena idazterakoan letrak alderantziz edo ordena desegokian idazten dutela ikusi dut. Kasu horietan andereño Korok izena ondo idazten die eta beraiek berriro kopiatzen dute. Kasu honetan, nik ere horrela egingo nuke.
Arreta deitutako beste gertakari bat izan da, beraien artean erdaraz hitz egiteko joera handia dutela; baina ez bakarrik beraien artean, andereño Kororengana edo niregana zuzentzerakoan ere erdaraz egiten dute batzuk. Andereño Korok, erdaraz esandako hori euskaraz nola esaten den gogorarazten die berarengana erdaraz zuzentzen diren bakoitzean. Kasu honetan, nik berdin jokatuko nuke. Hala eta guztiz ere, beraien artean erdaraz hitz egiten entzuten ditudanean, atentzioa deituko nien eskolan euskaraz hitz egin behar dela esanez eta ez erdaraz.
Praktikaldi hau oso esperientzia polita izaten ari da, haurrekin gauza berri asko ikasten ari naiz. Gainera, nahiz eta batzuetan nire burua galduta ikusi dudan arren, oso gustura sentitzen naiz gelan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario