Eskola garaira itzulita gogorarazi dut oso urte zoragarriak izan zirela. Primeran pasatzen nuen eskolan eta beti izaten nuen bertara joateko gogoa; izan ere, lagunak ikusteko irrikaz egoten nintzen. Horregatik, goizean goiz ohetik salto baten bidez jaiki, gosaldu, arropa jantzi, hortzak garbitu eta eskolara abiatzen ginen amaren kotxean.
Marrazkian ikusten den bezala psikomotrizitate gela ageri da. Ikaragarri gustatzen zitzaidan bertara joatea. Psikomotrizitate gela oso handia eta argitsua zen. Andereñoak bertara joango ginela esaten zuenean oso urduri eta pozik jartzen nintzen. Motibazio handia erakusten nuen psikomotrizitate gelara sartzean; izan ere, bertan gauza askotara jolasteko aukera nuen, gustuko nuen materiala zegoen eta libre ibiltzeko aukera nuen. Bertan egoten zen materiala ondorengo da: horma-barrak, ispilua, armairuak eta plastikozko kaxak, aparrezko blokeak, koltxonetak, kolore ezberdinetako oihalak, peluxeak, sokak, aparrezko zilindroak, pilota handiak eta txikiak, uztaiak, egurrezko eta plastikozko makilak, kaxak, bankuak…
Psikomotrizitate gelara iristen ginenean, denak zapatilak kendu eta lurrean esertzen ginen. Andereñoak pareta osatzen zuen bitartean, sarrera-errituala gogorarazten zigun: “hemen ezin da minik eman, ezin da minik hartu”. Ondoren, denak marra gainean zutik jarri, andereñoak 1, 2 eta 3 zenbatu eta tximista bezain azkar pareta haustera joaten ginen gure indar guztiekin. Gero, nik gustuko nuen materiala hartu eta lagunekin ibiltzen nintzen batetik bestera jolasean. Horregatik, marrazkian ni ez ezik, nire lagunak ere agertzen dira psikomotrizitateko gelan. Gehienetan libre ibiltzen ginen jolasean, hori baikenuen gustuko. Hala eta guztiz ere, andereñoak askotan saio gidatuak egiten zituen. Psikomotrizitate saioa amaitzeko 5 minutu geratzen zirenean, material guztia jasotzeko agintzen zigun andereñoak. Ondoren, erlaxazioa egiten genuen. Denak lurrean etzan eta musika lasai-lasaia, lo hartzeko moduko musika, jartzen zigun andereñoak. Azkenik, zapatilak jantzi eta gelara bueltatzen ginen.
Hau da eskola garaiaz oroitzen dudan unerik zoragarriena. Askotan pentsatzen dut zoragarria izango litzatekeela garai haietara bueltatzera; izan ere, praktiketan nagoenetik, asko disfrutatzen ari naiz gelan ditudan haurrak ikusten; eta, batez ere, psikomotrizitate saioa izaten dutenean, nik bizitako esperientziak bizitzen ari direlako orain beraiek. Gainera, izugarrizko poztasuna adierazten dute psikomotrizitate gelara joango garela esaten dugunean, batetik bestera saltoka ibiltzen dira oso motibaturik.
Orain ni irakasle izanda, nire helburua haurren eskola garaia ahaztezina egitea da.
Orain ni irakasle izanda, nire helburua haurren eskola garaia ahaztezina egitea da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario