Gaur nire praktiketako bigarren eguna izan denez, urduritasunak alde batera utzi eta lasaiago sartu naiz gelara. Mantala jantzi eta 9ak inguruan patiora abiatu gara Koro eta biok haurren bila.
Lehenengo orduan euskara saioa izan dugu. Bertan, gaurko makinistari (Iker izan da gaurko makinista edo arduraduna) haurrak zenbatzea tokatu zaizkio. Hiru haur falta zirenez, hiru zenbakia hartu eta gometxa baten bidez dagokion tokian ipini behar izan du. Ondoren, gometxa batekin gaurko eguna zein zen eta zer nolako eguraldia egiten zuen adierazi behar izan du. Azkenik, otoitz egin dugu abesti baten bidez.
Hau egin eta gero, hiztegia landu dugu pixka bat, “Txirrita eta Inurria”ren ipuinarekin lotutako hitzak landu ditugu. Amaitzean, makinistak txokoetako txartelak aldatu, “bat, bi eta hiru txokotara” esan eta txokoetan ibili dira haurrak jolasean.
10:30etan ingelesa saio eduki dute eta ondoren jolasgaraia.
Ostegunero, jolasgaraia amaitzean, bideo saioa edukitzen dute. Beraz, bideo aretora abiatu gara eta bertan Pirritx eta Porrotxen bideo bat ezarri diegu. Bideoa ikusi ondoren, gelara itzuli eta Ulises egin dugu (Ulises proiektua goiz eta arratsaldez egiten dute normalenean).
Arratsaldean 12:30etan sartu gara gelara. Denak lurrean eseri eta Korok ea zer moduz bazkaldu duten galdetu die haurrei, ea zer bazkaldu duten, etab. Ondoren makinistak txartelak aldatu eta txokoetan banatu ditugu haurrak.
15:30ak aldera patiora atera gara, jolasgaraiaren ordua baitzen. Jolasgaraia eta gero Ulises egin eta abesti bat abestuz, hurrengo egunerarte esan dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario