Gaur, nire praktiketako lehenengo eguna izan da. Hasiera batean nahiko urduri nengoen, baina denbora aurrera egin ahala lasaitzen joan nahiz. Beraz, mantala jantzi eta gelan sartu gara Koro eta biok (Koro 4 urtekoen andereñoa da eta berarekin egongo naiz 4 urtekoen gelan).
Goizeko 9etan haurren bila joan da Koro patiora, ni gelan geratzen nintzen bitartean. Haurrak gelan sartzen zihoazen heinean, harridura aurpegiarekin begiratzen ninduten. Denak lurrean eseri eta Korok hilabete batez, beste andereño berri bat izango zutela azaldu die. Haurrak oso pozik jarri dira hori entzutean eta irakasle bezala kontsideratzeak pozez bete nau.
Lehenengo orduan Psikomotrizitate saioa eduki dugu, 10:15 arte gutxi gorabehera. Beraz, gauza guztiak gelan utzi eta Psikomotrizitate gelara habiatu gara.
Haurrak zapatilak kendu eta lurrean marraztutako marra baten gainean eseri dira, Koro eta biok pareta osatzen genuen bitartean. Behin pareta osaturik, 1, 2 eta 3 zenbatu eta haur guztiak pareta hautsi dute. Ondoren, beraien kabuz haritu dira jolasean. Jolas mota ugari ikusteko aukera izan dut gela honetan. Batzuk etxetxoetara jolastu diren bitartean, beste batzuk baloiarekin jolastu dira. Jolas sinbolikoetan ibiltzeaz gain, saltoka ere ibili dira koltxonetan. Azkenik, material guztia jaso eta erlaxazioa egin dugu, lurrean etzanez eta musika lasaia jarriz.
Gero berriro gure gelara habiatu gara. Bertan otoitz egin dugu abesti bat abestuz. Ondoren, Koro andereñoak zerrenda pasa du zeintzuk falta diren ikusteko. Telma gaurko arduraduna zenez, gometxa batekin gaurko eguna zein zen eta zer nolako eguraldia egiten zuen adierazi behar izan digu. Gainera, gaur Noaren urtebetetzeak zirenez, abestu eta gozokiak eta gailetak banatu dizkigu. Gero patiora atera gara jolasgaraiaren ordua baitzen. Jolasgaraian Haur Hezkuntzako haur guztiak elkarrekin ibiltzen direla patio berean ikusi ahal izan dut, ni beraiekin eta beste irakasle batzuekin geratu naiz patioko zaintza egiten.
Jolasgaraia amaitzean, ingeleseko gelara eraman ditugu haurrak. Ingeleseko saioa irauten zuen bitartean (30 minutu), ni Kororekin egon naiz bertako instalazioak ikusten.
12:30etan Ingeleseko saioa bukatzean, batzuk jangelan geratu dira eta beste batzuk etxera joan dira bazkaltzera.
Arratsaldean, 14:30etan sartu gara gelara. Denak lurrean eseri eta Korok ipuin bat kontatu die haurrei, zehatzago esanda “Inurria eta Txirrita” ipuina. Denek adi-adi entzun dute ipuina eta bukatzean Korok galdetu egin die haurrei ea zer nahiago zuten izan, inurria ala txirrita?
Inurriaren eta txirritaren inguruko eztabaida amaitu dugunean, txokoetan banatu ditugu haurrak. 4 txoko bereizten dira 4 urtekoen gelan: etxe txokoa, antzerki txokoa, jolas txokoa eta margotegi txokoa. Txokoetan banatzerakoan haurrak jolasean oso gustura ibiltzen direla ikusi ahal izan dut. Aurrerago zehatzago azalduko dizuet zer lantzen den txoko bakoitzean. Txokoetan ibili ondoren, material guztia jaso eta abesti bat abestuz hurrengo egunerarte esan dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario