lunes, 31 de octubre de 2011

ESKOLA GARAIKO OROITZAPENAK: une goxoak eta txarrak:

Pentsatzen eta pentsatzen jarrita ere eskola garaiko lehen urteez, egia esan, ez daukat oroitzapen ugari. Horregatik, amarengana jo dut eta berak nire eskola garaiko une batzuk kontatu dizkit, eskolako argazkiak ikusten genituen bitartean. Orduan bai etorri zaizkidala urte haietako oroitzapen batzuk.

Nahiz eta eskola garaiko une askotaz ez oroitu, nire andereñoa nor zen gogoratzen naiz. Idoia izena zuen, oso irakasle atsegina eta maitekorra zen, gurekin egon zen 2 urte genituenetik 6 urte bete genituenerarte. Gelaren antolaketaz ere gogoratzen naiz, txokoetan banatzen ginen, txoko ezberdinetatik igaroz.
Asteko, gauza bat argi utzi nahiko nuke, hemen erabiliko ditudan izenak faltsuak dira, beraien intimitatea gordetzeko asmotan egin nahi dut. Beraz, nire eskola garaiko oroitzapen batzuk kontatzen hasiko naiz.
Eskola garaiko oroitzapen goxoak:
Oroitzen dudan momenturik politena nire urtebetetze eguna da, egun horretako protagonista bainintzen. Egun horretan oso pozik joaten nintzen eskolara; izan ere, hamaiketako bezala gozokiak eta gailetak eramaten genituen denentzako. Gelara iristen nintzenean denek zoriontzen ninduten, andereñoak gogorarazten baitzuen noren urtebetetzeak ziren. Jolasgaraiarako ordua iristen zenean, denak borobil batean eseri eta “zorionak” abestia abesten zidaten, ni zutik geratzen nintzen bitartean. Amaitzean, andereñoaren laguntzaz, gailetak eta gozokiak banatzen nituen. Denek eskerrik asko esaten zidaten eta oso gustura jaten zuten nik ekarritako guztia. Azkenik, poz-pozik jolasketara ateratzen ginen.
Aurreko egunean antzeko kasu bat ikusi nuen; izan ere, praktiketan nagoenetik 2 urtebetetze ospatu ditugu gelan. Haurrak beraien urtebetetzeak direnean oso pozik joaten dira eskolara gaileta eta gozokiekin. Gainontzeko haurrek, andereñoak gogorarazita, zoriondu egiten dute eta jolasgarairako ordua iristen denean, denak oso urduri, borobilean eseri eta “zorionak” abesten dute. Azkenik, urteak betetzen dituen haurrak gailetak eta gozokiak banatu eta poz-pozik jolasketara ateratzen dira beraien gaileta eta gozokiekin.
Amak kontatutako beste une polita eskolara hasi nintzenean da, 3 urterekin hasi nintzen lehenengo aldiz eskolan. Egia esan ez naiz asko oroitzen egun artaz. Amak kontatuta egokitzapen ona izan nuela esan dit. Gelara iritsi bezain pronto Maialen izeneko gelakide bat gerturatu omen zitzaidala eta berarekin jolastera joateko esan zidala kontatu dit. Ni, naiz eta oso lotsatia eta isila izan, berarekin jolastera joan omen nintzen. Hortik aurrera, baita ere nire lagun mina bihurtu zela kontatu dit amak. Beti elkarrekin ibiltzen ginela jolasean, bai eskolan eta eskolaz kanpo ere, ekintza asko egiten genituela elkarrekin eta beti pozez zoratzen ginela berriro astelehenetan gelan elkar ikusteko.
Praktiketan nagoenetik ikusi izan dut, haur batzuk beti elkarrekin jolasteko ohitura izaten dutela, eta badagoela gelan ikasle bat edo beste oso lotsatiak direnak eta asko kostatzen zaiela besteen aurrean hitz egitea. Hala ere, irakaslearen laguntzaz besteen aurrean hitz egiteko gai izaten dira. Gainera, haur horiek talde txikietan jolasten direnean irekiagoak direla ikusi ahal izan dut.
Eskola garaiko oroitzapen txarrak:
Oroitzen dudan momentu txar bat jangelan geratzearena da. Ez nintzen egunero jangelan geratzen, egun solteak izaten ziren; betez ere, ama lanetik beranduago atera behar izaten zuenean edo. Kontua da ni oso txarra izan naizela bazkaltzeko eta; batez ere, niri gustatzen ez zitzaidan janaria jartzen zutenean, adibidez: purea. Oso gaizki pasatzen nuen jangelan ia-ia ez nuen ezer ere jaten, eta beti azkenetarikoa geratzen nintzen.
Aurreko egunean antzeko kasu bat ikusi nuen praktiketan. Gelakide batzuk egunero geratzen dira jangelan, baina beste batzuk ez, noizean behin geratzen dira eta ez dute jangela gustuko. Goizean, negarrez sartzen dira gelara, badakitelako gaur jangelan geratu behar dutela. Andereñoa, berriz, haur horiek lasaitzen saiatzen da. Egunean zehar haur horiek nahiko triste igarotzen dute goiza eta bazkaltzeko ordua iristean, berriro negar egiten dute. Arratsaldean, jangelan bazkaldu eta gero, poz-pozik itzultzen dira gelara.
Oroitzen dudan beste momentu txar bat, gelan genuen gelakide bat da. Bera zen gelako zaharrena eta beti besteak baino gehiago zela uste zuen. Guri zirikatu eta jo egiten gintuen. Neskei iletik tira egin eta mutilei ostikoak ematen zizkien. Gu berarengandik baztertu egiten ginen, ez genuen berarekin jolastu nahi, beti jo egiten gintuelako. Horrek gehiago haserrarazten zuen bera eta andereñoari kontatzen zion guk ez genuela berarekin jolastu nahi. Azkenean, denak elkarrekin jolastu behar genuela gogorarazten zigun andereñoak, beti ere bata besteari minik egin gabe.
Egia esan nire praktiketan horrelako kasurik ez dut topatu oraindik. Batzuetan haur batzuk borrokan ibiltzen dira bata besteari joka baino momentuko gauza bat besterik ez da, momentuko haserrealdia, jostailu batengatik edo izaten da askotan.
Amaitzeko esan beharra dut hauek izan direla eskolan izandako oroitzapen goxoak eta txarrak. Orain, nik praktiketan nagoelarik, haurren une goxoak eta txarra ikusteko aukera izango dut. Eta ziurrenik batzuekin oso identifikatuta egongo naizela, orain aipatu ditudan kasu batzuetan bezala. Bestetik, irakasleak nola jokatzen duen une horietan ere ikusteko aukera izango dut.

Txokoak

Etxea:
  • Jolas sinbolikoa eta helduen munduaren imitazioa ahalbideratu nahi da. Jolas horietan euren mundu afeltiboa agertzen joaten da.
  • Oso txoko aproposa da harremanak sendotzeko eta zenbait balio kontuan izateko: errespetua, solidaritatea, elkarbanatzea…
  • Egiten dituzten imitazioak neurriz kanpokoak izaten dira, batik bat, jarrera harrigarrienak: haserrea, negarra, garrasia…






Antzerkia:
  • Txoko honetan aho hizkuntza eta gorputz adierazpena lantzen da.
  • Oinarrizko kontzeptuak ipuinen bidez lantzen dira.
  • Haurrek ipuina ikasi ondoren pertsonai ezberdinen papera antzezten dute. Antzezpenaren ondoren saioaren balorapena egiten da: zer gustatu zaien, zer ez den hain ongi atera… Ikasketa indartzeko eta landutako kontzeptuak noraino barneratu dituzten jakiteko ipuina laminaz lamina marrazten dute ikasitako grafikoki adieraziz.
  • Ipuin asmatua: haurrak asmatutako ipuin laburrak dira. Lau orritako formatoa dute eta bukatu ondoren lagunei kontatzen diete. Honekin, sormena, hizkuntza, etab lantzen doaz.






Jolastokia:
  • Helburu nagusiak hauek dira:
    • Hainbat kontzeptuei buruzko eduki eta trebetasunak landu, espazioa, denbora…
    • Kontzentrazioa, autonomia, zailtasunei aurre egiteko jarrerak sustatu.
    • Taldekideen komunikazioa eta elkarlana bultzatu.
    • Txoko honetan plastilina eta jostailu didaktikoak (puzzleak, enkajeak…) erabiltzen dituzte.
    • Haurrek egin nahi duten jolasa aukeratzen dute, amaitzen dutenean armairuan dagokion tokian jaso behar dute jolas bakoitzak duen ikurra kontuan izanik. Jolas hauek aldatzen joaten dira, jostailu ezberdinak eskainiz eta zailtasun maila gero eta handiagoa jarriz.
    • Ordenagailua. Saioetan lantzen dituzten ipuinak, hiztegia, olerkiak, etab. Erabiltzen dituzte. Batzuetan “klik” programa ere erabiltzen dute. Joko hauen bidez matematika, memoria, aho hizkuntza eta hizkuntza idatzia lantzen dituzte.





Margotegia:
  • Txoko honetan jarduera plastikoen bidez, adierazpena eta sormena sustatu nahi da.
  • Era guztietako materialak erabiltzen dira:
    • Margoak
    • Argizarizko margoak
    • Tenperak
    • Puntzoia
    • Kola
    • Guraizeak
    • Papera
    • Kartoia
    • Oihalak
    • Plantillak







5 urtekoen gelan 2 txoko berri:

Denda:
  • Lehendabiziko aldiz 5 urteko geletan eskaintzen da. Dendaren jarduera trukaketan oinarrituko da hasieran, eta pixkanaka salerosketaren bideak antolatzen dira. Kontzeptu eta prozedura matematikoak lantzen dituzte, zenbaketarekin zerikusia dutenak bereziki.
  • Bi lan gune daude: mostradorea eta kutxa.
Inprimategia:
  • Gune hau ere berria da 5 urteko ikasleentzat eta irakurketa eta idazketa sustatzea du helburu. Lortu nahi den  irakurketa eta idazketa funtzionala da; bizipenak adierazteko, atsegin dugun zerbait besteei agertzeko…
  • Haur bakoitzak bere erritmoa du eta bere ibilbidea osatzen joango da eapa ezberdinetatik igaroz.

viernes, 28 de octubre de 2011

3.EGUNA: Urriak 28, ostirala

Gaur denak oso pozik etorri dira eskolara, gaur ostirala baita. Pasilotik honako hau entzuten zen behin eta berriro: “gaur ostirala da, gaur mantalak etxera”. Haurrak ostirala iristen den bakoitzean oso pozik egoten dira, bi eguneko oporrak izango dituztelako.

9etan Ingelesa saioa eduki duten bitartean, Korok eta biok hurrengo ordurako materiala prestatu dugu, egin behar dituzten fitxak, kopiak atera, etab.
Ingelesetik bueltan, lurrean eseri, otoitz egin eta makinista berria izendatu dugu. Oraingoan Oihaneri tokatzen zitzaion makinista izatea. Gainera, gaur Oihaneren urtebetetzeak dira, beraz txokoetan ibili ondoren “Zorionak” abestia abestu diogu. Gozokiak eta gailetak banatu ondoren jolasgaraira atera gara.
Jolasgaraitik bueltan, musika saioa egin dugu. Bertan, abesti ezberdinak abestu; eta, musika doinuak entzun eta errepikatu egiten dituzte (bai eskuekin eta baita ahotsarekin ere, musikak egiten duen modu berean). Azkenik, Ulises egin ondoren, bazkaltzera abiatu gara. Jangelakoak jangelako mantala jantzi dute, etxera bazkaltzera joaten direnak, berriz, berokia.

Arratsaldean, 14:30etan sartu gara gelara. denak lurrean eseri eta “Txirrita eta Inurria” ipuinaren inguruko abestiak entzun ditugu. Ondoren, Oihane makinista txartelak aldatu eta txokoetan ibili dira jolasean eta lan egiten. Jolasgaraitik bueltan, Ulises egin eta poz-pozik abestien bidez agur esan diogu elkarri.


jueves, 27 de octubre de 2011

Ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuak:

  • Goizeko zaintza:
    • 07:30-08:45 bitartean.
    • 2, 3, 4 eta 5 urtekoentzat.
    •  Haur Hezkuntzako eraikuntzan.
  • Arratsaldeko zaintza:
    • 16:30-18:00 bitartean.
    • 2 eta 3 urtekoentzat.
    • Haur hezkuntzako eraikuntzan.
  • Jangela:
    • Menua.
    • Arreta berezia 2 urtekoentzat.
    • 2 eta 3 urtekoek bazkaldu ondoren lo egiteko aukera.
  • Garraioa:
    • Herriko urbanoarekin lan egiten dute.
    • Ikastetxeak begiralea jartzen du.
    • 2, 3, 4 eta 5 urtekoentzat.
  • Eskolaz kanpoko ekintzak:
    • Guraso eta 3, 4 eta 5 urtekoentzat.
    • Musika, Baleta, Euskara, Ingelesa Play Time, Euskaraz jolasean (udaran).
  • Laguntza gela:
    • Haur Hezkuntzako behar bereziak lehen bait lehen detektatu, bideratu eta eskolako prozesua antolatu plangintza pertsonalizatua osatuz.
  • Euskara Laguntza:
    • Ikastetxeko ordutegi barruan.
    • Talde txikietan.
    • 3, 4 eta 5 urtekoentzat.
    • Euskara laguntza behar dutenentzat.

La Salle Berrozpe Ikastetxea

La Salle Berrozpe Ikastetxea Andoainen dago kokatuta, zehatzago esanda herrigunean bertan, plazatik eta udaletxetik oso gertu.
Ikastetxe honetan; Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoak eta Lanbide Heziketa Zikloak eskaintzen dira. Hala ere, aipatzekoa da heziketa bakoitza eraikin desberdinetan ematen dela. Beraz, bananduak daude bai Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak, DBHkoan, batxilergokoak eta Lanbide Heziketa Ziklokoak.
Nire praktikak Haur Hezkuntzan oinarrituak direnez, Haur hezkuntzari buruzko informazioa emango dizuet.
Erabiltzen duten proiektua Urtxintxa proiektua da; hala ere, Ulises proiektua ere erabiltzen dute (aurrerago azalduko dizuet zer den Ulises proiektua).
Talde guztiak D eredukoak dira era ekintza eta jai ugarietan parte hartzen dute, besteak beste: Gabonak, Santo Tomas, Postalen lehiaketa, Danborrada, Inauteriak, Familia eguna, Lore eskaintza Berrozpen, Irteera pedagogikoak (hostoen bila, herria ezagutzera, liburutegira, Zabalegira, trentxikira, parkera, Cristina-eneara…), ikasturteko txangoa…
Zerbitzuei dagokionez; autobus zerbitzua, jangela, goizeko eta arratsaldeko zaintza, eskolaz kanpoko ekintzak, laguntza gela eta euskara laguntza eskaintzen dute.
Haur hezkuntzako ohiko ordutegia hurrengoa da:
  • Haur Hezkuntza 2 urtekoak:
    • 9etatik 12:30etara edo 10:00etatik 12:30etara.
    • Arratsaldea aukeran: 14:30etatik 16:30etara.
  • Haur Hezkuntza 3, 4 eta 5 urtekoak:
    • 9etatik 12:30etara eta 14:30etatik 16:30etara.
Azkenik, aipatzekoa da Ikastetxeak web orrialdea ere baduela eta bertan informazio ugari ageri dela.

2.EGUNA: Urriak 27, osteguna

Gaur nire praktiketako bigarren eguna izan denez, urduritasunak alde batera utzi eta lasaiago sartu naiz gelara. Mantala jantzi eta 9ak inguruan patiora abiatu gara Koro eta biok haurren bila.

Lehenengo orduan euskara saioa izan dugu. Bertan, gaurko makinistari (Iker izan da gaurko makinista edo arduraduna) haurrak zenbatzea tokatu zaizkio. Hiru haur falta zirenez, hiru zenbakia hartu eta gometxa baten bidez dagokion tokian ipini behar izan du. Ondoren, gometxa batekin gaurko eguna zein zen eta zer nolako eguraldia egiten zuen adierazi behar izan du. Azkenik, otoitz egin dugu abesti baten bidez.
Hau egin eta gero, hiztegia landu dugu pixka bat, “Txirrita eta Inurria”ren ipuinarekin lotutako hitzak landu ditugu. Amaitzean, makinistak txokoetako txartelak aldatu, “bat, bi eta hiru txokotara” esan eta txokoetan ibili dira haurrak jolasean.
10:30etan ingelesa saio eduki dute eta ondoren jolasgaraia.
Ostegunero, jolasgaraia amaitzean, bideo saioa edukitzen dute. Beraz, bideo aretora abiatu gara eta bertan Pirritx eta Porrotxen bideo bat ezarri diegu. Bideoa ikusi ondoren, gelara itzuli eta Ulises egin dugu (Ulises proiektua goiz eta arratsaldez egiten dute normalenean).

Arratsaldean 12:30etan sartu gara gelara. Denak lurrean eseri eta Korok ea zer moduz bazkaldu duten galdetu die haurrei, ea zer bazkaldu duten, etab. Ondoren makinistak txartelak aldatu eta txokoetan banatu ditugu haurrak.
15:30ak aldera patiora atera gara, jolasgaraiaren ordua baitzen. Jolasgaraia eta gero Ulises egin eta abesti bat abestuz, hurrengo egunerarte esan dugu.

miércoles, 26 de octubre de 2011

1. EGUNA: Urriak 26, asteazkena

Gaur, nire praktiketako lehenengo eguna izan da. Hasiera batean nahiko urduri nengoen, baina denbora aurrera egin ahala lasaitzen joan nahiz. Beraz, mantala jantzi eta gelan sartu gara Koro eta biok (Koro 4 urtekoen andereñoa da eta berarekin egongo naiz 4 urtekoen gelan).

Goizeko 9etan haurren bila joan da Koro patiora, ni gelan geratzen nintzen bitartean. Haurrak gelan sartzen zihoazen heinean, harridura aurpegiarekin begiratzen ninduten. Denak lurrean eseri eta Korok hilabete batez, beste andereño berri bat izango zutela azaldu die. Haurrak oso pozik jarri dira hori entzutean eta irakasle bezala kontsideratzeak pozez bete nau.
Lehenengo orduan Psikomotrizitate saioa eduki dugu, 10:15 arte gutxi gorabehera. Beraz, gauza guztiak gelan utzi eta Psikomotrizitate gelara habiatu gara.
Haurrak zapatilak kendu eta lurrean marraztutako marra baten gainean eseri dira, Koro eta biok pareta osatzen genuen bitartean. Behin pareta osaturik, 1, 2 eta 3 zenbatu eta haur guztiak pareta hautsi dute. Ondoren, beraien kabuz haritu dira jolasean. Jolas mota ugari ikusteko aukera izan dut gela honetan. Batzuk etxetxoetara jolastu diren bitartean, beste batzuk baloiarekin jolastu dira. Jolas sinbolikoetan ibiltzeaz gain, saltoka ere ibili dira koltxonetan. Azkenik, material guztia jaso eta erlaxazioa egin dugu, lurrean etzanez eta musika lasaia jarriz.
Gero berriro gure gelara habiatu gara. Bertan otoitz egin dugu abesti bat abestuz. Ondoren, Koro andereñoak zerrenda pasa du zeintzuk falta diren ikusteko. Telma gaurko arduraduna zenez, gometxa batekin gaurko eguna zein zen eta zer nolako eguraldia egiten zuen adierazi behar izan digu. Gainera, gaur Noaren urtebetetzeak zirenez, abestu eta gozokiak eta gailetak banatu dizkigu. Gero patiora atera gara jolasgaraiaren ordua baitzen. Jolasgaraian Haur Hezkuntzako haur guztiak elkarrekin ibiltzen direla patio berean ikusi ahal izan dut, ni beraiekin eta beste irakasle batzuekin geratu naiz patioko zaintza egiten.
Jolasgaraia amaitzean, ingeleseko gelara eraman ditugu haurrak. Ingeleseko saioa irauten zuen bitartean (30 minutu), ni Kororekin egon naiz bertako instalazioak ikusten.
12:30etan Ingeleseko saioa bukatzean, batzuk jangelan geratu dira eta beste batzuk etxera joan dira bazkaltzera.

Arratsaldean, 14:30etan sartu gara gelara. Denak lurrean eseri eta Korok ipuin bat kontatu die haurrei, zehatzago esanda “Inurria eta Txirrita” ipuina. Denek adi-adi entzun dute ipuina eta bukatzean Korok galdetu egin die haurrei ea zer nahiago zuten izan, inurria ala txirrita?
Inurriaren eta txirritaren inguruko eztabaida amaitu dugunean, txokoetan banatu ditugu haurrak. 4 txoko bereizten dira 4 urtekoen gelan: etxe txokoa, antzerki txokoa, jolas txokoa eta margotegi txokoa. Txokoetan banatzerakoan haurrak jolasean oso gustura ibiltzen direla ikusi ahal izan dut. Aurrerago zehatzago azalduko dizuet zer lantzen den txoko bakoitzean. Txokoetan ibili ondoren, material guztia jaso eta abesti bat abestuz hurrengo egunerarte esan dugu.

martes, 25 de octubre de 2011

Kaixo!
Bihar hasiko naiz praktiketan Andoaingo La Salle Ikastetxean.
Egia esan desiratzen nago haurrekin eta irakasleekin elkarlanean hasteko. Izan ere, aukera paregabea baita ikastetxearen nondik norakoak ezagutzeko eta baita gerora gure lana izango dena ezagutzeko ere.
Beraz, urduritasunak alde batera utzita, oso ondo pasatzea espero dut.
Besterik gabe, ongi izan.

lunes, 24 de octubre de 2011

Kaixo!
Ni Amaia naiz, Donostiako Irakasleen Eskolan Haur Hezkuntzako 2.mailan dagoen ikaslea.
Blog honen bitartez, nire lehenengo practicumaren nondik norakoak azalduko dizkizuet.
Praktiketan asteazkenean, urriaren 26an, hasiko naiz; Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxean, 4 urtekoen gelan. Praktikak egiten ditudan lehenengo urtea da eta jakin-min handiarekin nago.
Beraz, asteazkenetik aurrera praktiketan egiten dudanaren egunerokoa azalduko dizuet. Denen gustukoa izango delakoan agurtzen naiz.